San Martin egoitza eta eguneko zentroko arreta zerbitzuak lizitaziora atera ditu udalak

2017/06/22
Card image cap
Kabia foru erakundearekin adostu da bi zerbitzuen arreta kontratu berean biltzea

  Lehen aldia da hala egiten dela baina bi zerbitzuak eraikin berean daudela kontuan hartu da. Esleipen bateratu hori egin ahal izateko San Martin Fundazioak udalaren esku utzi du lizitazioaren tramitazio eta kudeaketa.

  Gizarte Zerbitzuen euskal sistemaren prestazio eta zerbitzuak arautzen dituen 2015eko legeak aldundien eskumenekotzat jotzen ditu zaharren egoitzak eta eguneko zentroak. Hala Kabia foru erakundea sortu zen Gipuzkoan udalen eta fundazioen esku zeuden zentro publikoak kudeatzeko. Oñatiko San Martin egoitza eta eguneko zentroa 2018an bereganatzea aurre ikusten da. Baina bitartean bi zentroen arreta zerbitzuak kontratatu behar zirenez, lizitazioa martxan jartzeko prozesua Kabiarekin elkarlanean egin da.

  San Martin egoitzan aldundiarekin hitzartutako 77 plaza daude gaur egun, baina datorren urtean beste sei sortzea aurre ikusten da. Eguneko zentroan berriz, 28 dira hitzartutako plazak nahiz eta urte akaberarako 30 izango diren. Hori guztia kontuan hartu da bi zentroetako arreta zerbitzuak lizitaziora ateratzerakoan. Izan ere, kontratuak hartzen dituen zerbitzuen helburu nagusia baita pertsona erabiltzaileei osoko arreta ematea. Horretarako oinarrizko printzipio hauek errespetatu beharko dira:  normalizazioa, autonomia, partaidetza, integrazioa, arreta pertsonalizatua, globaltasuna eta profesionalizazioa. Zerbitzua ematerakoan San Martin egoitzako egoiliarrak eta eguneko zentroko erabiltzaileen premiak hartuko dira kontuan baina baita hauen familien beharrak ere.

  San Martin egoitza eta eguneko zentroko arreta zerbitzuaren kontratuak pisu ekonomiko handia du. Udalak zehaztu duen aurrekontua 5.500.000 euro pasa da urteko. Horrek, deialdia Europako aldizkari ofizialean argitaratzera behartu du. Lizitazioan parte hartzeko interesa izan dezaketen arloko enpresek instalazioak ezagutu ditzaten gainera, bi bisita egun zehaztu dira: gaur eta hilaren 28a. Gaur goizean enpresa bateko ordezkariak jada San Martinen egon dira.

  Lizitaziora aurkezten diren enpresen proposamenek enpresaren dokumentazioa, eskaintza ekonomikoa eta memoria teknikoa jaso beharko dute. Azken honek izango du pisu gehien esleipen prozesuan eta lan programa eta kudeaketa eredua zehaztu beharko ditu, beste hainbat arloekin batera. 100 puntuko baremazioan memoria teknikoak 51 izango ditu eta eskaintza ekonomikoak 49.

  San Martin egoitza eta eguneko zentroko arreta zerbitzuaren lizitaziora proposamenak aurkezteko epea uztailaren 24an amaituko da.

Iturria:Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!